Mehelin fatxadak eraikin baten kanpo fatxadak dira, beste jabetzarekin muga egiten dutenak. Fatxada horiek, normalean, ez daukate irekidurarik, eta, hortaz, itsuak dira. Itsuak direnez eta, gainera, auzokidearen etxeari itsatsita daudenez, askotan daudela ere ahaztu egiten dugu; horren ondorioz, batzuetan abandonu egoerara iristen dira. Motak, arazoak eta balizko irtenbideak xehetasunez.
Mehelin fatxada motak eta mantentzeko balizko irtenbideak
Mehelin fatxadak sailkatuz gero, hiru mota daude:
- Mehelin fatxada osoa: jatorriz, mehelin fatxada beste eraikin batzuen balizko jarraitutasun modura uzten da eraikin batean. Higiezina eraikitzen den datan ez bada aurreikusi eraikinek jarraitzea, behin betiko akabera tratamendua ematen zaio. Gutxi ikusten den leku bat denez, akabera hori oso sinplea izan ohi da, batzuetan zarpiatu eta pintatu besterik ez da egiten.
- 2. Baina ez dauzkagu soilik mehelin fatxada osoak, goitik beherakoak; horrez gain, maiz eguraldiaren eraginpean soilik azken solairuak dituzten fatxadak ere egoten dira, eraikin batzuk beste batzuk baino altuagoak direlako.
- Eta, azkenik,alboko eraikina desagertzean ikusgai geratzen diren mehelin fatxadak daude; arrazoiren bat tarteko alboko eraikina eraisten dutenean, auzokidea eguraldiaren eraginpean geratu ohi da eremu mugakidean.
Aurkitu ohi ditugun arazoak:
Horrelako zonetan aurkitu ohi ditugun arazoak errazagoak dira fatxada nagusietan agertu ohi direnak baino, akaberak sinpleagoak direlako eta apaingarri eta zulorik ez dagoelako. Aurkitu ahal ditugun arazoetako batzuk honako hauek dira:
Askatzeak. Zona horiek ez direnez ikusgai egoten, eta mantentze lanik egiten ez denez, estaldura zatika erori ohi da auzokidearen jabetzaren gainean.
Pitzadurak eta arrailak. Askatu aurretik pitzadurak, arrailak eta bizkar itxurako formak agertu ohi dira; gerora etorriko dena iragarri ohi dute.
Hezetasunak. Estaldura pixkanaka hondatzeak eta pitzadurak eta arrailak agertzeak bide ematen diote euri urari ixteko elementua bustitzen joan dadin eta, azkenean, etxebizitzara sar dadin.
Alboko eraikinarekin elkartzea. Gogoratu behar da eraikinik baxuenak estalkiaren zonan egin ohi duela muga eraikin altuenarekin; elkargune horretan, gehienetan, urak biltzeko gune bat egoten da, limatxokon izenekoa, euri urak teilatu hodirantz eramaten dituena. Kanal horretan edozein akats badago, elkarren alboan dauden bi eraikinetan ura nabarmen sar daiteke, desberdintasun batekin: eraikin baxuaren kasuan ura teilatutik etorriko zaio, eta eraikin altuenari pareta batean agertuko zaio.
Alboko eraikinaren hondarrak. Gure eraikinaren alboko eraikina desagertzen denean, batzuetan oroigarri txiki bat uzten digu. Horman sartutako teila hondarrak edo geratzen den hormara itsatsitako hondarren irtengunea egotea aski izan daiteke, esaterako, sukaldeko lurzoruan ur errekasto bat izateko.
Mehelinetarako irtenbideak
Arazo horiek ekidin edo konpontzeko prebentzioko mantentze lanak egin behar dira mehelin fatxadetan:
Akabera pintatua badu, bost urterik behin pintatu behar dira, edo hamar urterik behin, pinturari babes tratamendua emanez gero.
Bistako adreilua izanez gero, piezen junturak jarri eta adreiluak garbitu behar dira eta, beharrezkoa bada, tratamendu hidrofugoa eman behar zaio; tratamendua eman behar izatea zeramikaren zaintza egoeraren araberakoa izango da.
Akabera zeramikoa bada (baldosak, plaketak eta abar), kasu horretan ere, beharrezkoa bada, piezen junturak jarri beharko dira, eta hutsik dauden guneak aztertu beharko dira, askatzeko eta berriz jartzeko.
Nolanahi ere, kanpo isolamendu termikorako sistema (SATE) jartzeko aukera aztertzea ere komeni da; horrela, inguru hori babesteaz gain, barrualdeetan isolamendua lortuko dugu. Horri esker etxebizitza berotu zein hozteko sistemetan aurreztuko dugu, eta etxebizitzaren erosotasuna areagotu egingo da.
Konpondu ondoren, eta mehelin fatxadak protagonismoa eta ikusgarritasuna lortzen dituenean alboko eraikina desagertzean, mural bat pintatuz edertu dezakegu; hala, eraikinaren balioa ere areagotu egingo litzateke, kalitatezko akabera emanez.
Edo, bestela, fatxada berde bat ere egin dezakegu, hemen ikusgai uzten dizuegunaren modukoa, Madrilgo Prado pasealekuan. Aukera hori ere azter daiteke!
Artikulu hau gustatu bazaizu, partekatzera animatzen zaitut. Eta, nahiago baduzu hurrengo artikuluak posta elektronikoz jaso, egin klik hurrengo irudian e-mailez harpidetzeko:
Mila esker bisitagatik!