Eskatu aurrekontua hemen 944 952 554

Looking for something?

Bilatu

HARPIDETU GURE BLOGERA

banner suscripción blog obras Insignia

Facebook

Erreforma proiektuen motak eta bakoitza aplikatzeko kasuak

proyectos de reformas que es

Teknikari garen aldetik, badakigu bezeroak ez direla erreformetan adituak izaten; egoera berria da haientzat, eta tarteka (askotan) eskatzen digutena ez dator bat lortu nahi dituzten emaitzekin.

Hala ere, gure ustez, bezeroek behar duten erreforma proiektua eskatzen dutenean eskura dauzkaten aukerak modu errazean azaltzea gure lana da, obra batean esku hartzen dugun eragile guztiona; jarraian azalduko ditut:

Erreforma proiektuen motak: Aurreproiektua, oinarrizko proiektua eta egikaritze proiektua.

1-Aurreproiektua: Proiektuaren aurreko azterketa da, eta higiezinaren ezaugarri errealak dokumentu batean jasotzeko balio du; hala, egin nahi den obrari dagokion estatuko eta tokiko araudiarekin erkatzen da, eta, ondorio modura, egin nahi dugun obra bideragarria den edo ez jakingo dugu. Aurretiazko dokumentu hau gutxi erabiltzen da, eta indarrean jarraitzen du igogailurik ez daukaten eraikinetan igogailuak instalatzeko kasuetan edo higiezin edo lokalen erabilera aldatzerakoan. Hau da, egin nahi dugun obra egin daitekeen edo ez esango digu.

2-Oinarrizko proiektua: Proiektu honetan biltzen dira lanak egiteko behar diren dokumentu guztiak, espero dugun emaitza lortze aldera; kasu batzuetan baliagarria izan daiteke obra lizentzia eskatzeko eta aurreikusitako irtenbidea udal araudiarekin bat datorren eta zuzen planteatu ote den udal teknikari arduradunekin erkatzeko; izan ere, araudiaren interpretazioak aldatu egiten dira interpretatzen dituen teknikariaren arabera (tristea da, baina hala da). Hau da, urrats komenigarria da ondoren arazorik ez izateko.

3-Egikaritze proiektua: Oinarrizko proiektuaren jarraipena da, eta oinarrizko proiektua osatzen du instalazioak, egiturak eta obra egikaritzeko xehetasunak definitzen; obrak hasi aurretik eginda egon behar da, eta berriz ere udalean aurkeztu behar da obra lizentziarekin batera, udal teknikariek egiaztatu dezaten oinarrizko proiektuan emandako lizentziarekin bat datorrela. Egikaritze proiektua egiteko, erreformen kasuan, esku hartuko den zonan hainbat kata egitea komeni da, egiaztatzeko higiezinaren errealitatea proiektuan aurreikusitakoa dela; hala, obraren azken desbideraketak gutxitzea lortuko dugu. Ordainsarien proposamenean zehaztu ohi da balizko katak egitea barne hartzen den edo ez, eta puntu hori ageri ez bada eskatzea komeni da.

Proiektu baten hiru urrats horien arteko desberdintasunak ekainaren 17ko 2512/1977 Errege Dekretuan definitu ziren, Tarkitektoen ordain sarien tarifa ofizialak onartu zituena. 1996az geroztik tarifa horiek ez dira nahitaez bete behar, eta arkitektoen proiektuen prezioak lehia libreko merkatuan sartu ziren, estatuko gainerako profesionalen moduan.

Eraikigintzaren Antolamendurako Legea 1999. urtean iritsi zen, goi arkitekto, arkitekto tekniko eta goi ingeniari eta ingeniari teknikoen arteko gaitasun profesionalak “zehazteko”, eraikuntzaren esparruko jardunei dagokienez. Harrezkero, goi arkitekto eta ingeniari zein arkitekto eta ingeniari teknikoek eraikinetan erreforma proiektuak egiteko gaitasun definituak dituzte; desberdinak dira egin beharreko obraren esku hartze mailaren arabera, eta erreforma egingo den udalerriko udalaren arabera.

Argitzeko, eta adibideak jarriz: Hilabete honetan bertan 15 kilometroko distantziara dauden bi udaletan kontsulta bera egin dut. Kontsulta hau izan da: Jabeen erkidego batean, estalki bat erabat eraberritzeko obra lizentzia eskatzeko proiektua aurkeztu behar da? Estalki berria Eraikuntzaren Kode Teknikoaren betekizunetara egokitu behar da? Lehenengo udalean proiektua aurkeztu behar da, eta estalki berriak Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar du. Bigarren udalean ez da beharrezkoa proiektua aurkeztea, eta ez da Eraikuntzaren Kode Teknikoa bete behar. Horren ondorio gisa ulertu behar da udal teknikari arduradunek ere ez daukatela irizpide bateratu bat estalki bat erabat eraberritzeko aurretiaz proiektua eskatzeari dagokionez. Gure bezeroei nola azaldu ahal diegu, modu zentzudun batean, obra batean sartu aurretik aurretiazko azterketa bat egin behar dela? Orduan zentzu komuna aplikatu behar da, baina, tamalez, ez da horren komuna.

Artikulu hau gustatu bazaizu, partekatzera animatzen zaitut. Eta, nahiago baduzu hurrengo artikuluak posta elektronikoz jaso, egin klik hurrengo irudian e-mailez harpidetzeko:

Mila esker bisitagatik!

Idatzi zure iruzkina

Your email address will not be published.

Llamar